viernes, 25 de enero de 2013


"KOPLA GALAIAK

Ilargiak du gandua
ikus izarren gorua
zu bezalako neskatxek dute
zorabiatzen burua

Mertxikak hezur gogorra
arin hegan istingorra
beltxaran: zure gerri zalua
nire sukar eta lorra

Umotu da okarana
dager mardul´ta otzana
zure bularrak nire ametsa
urrun katigu darama

Ederra udan hostoa
naharo dago basoa
zure sutean kixkal-xamurra
nire maitasun-lastoa

Erbia jauzika landan
zezena urduri langan
nahiago nuke, sorgin, ahal banu
zurekin jostatu galdan

Haritzak gogor ezpala
pagoak zabal itzala
gogo etsiaz dagizut neure
azken agur-diosala

Mendian zital bisutsa
oihan-bakardade hutsa
han nagoela nahi izaten dut
hiriko hotsa eta hautsa

Iturritik dator ura
elkitzea bai tristura
pausalekurik ezin ukana
bidaztiaren malura

Ederra elur-maluta
jantzi hauskor xuri du-ta
bizi naizeño ez da galduko
nik zutaz dudan gomuta"

JOXE AUSTIN ARRIETA