"TONGO
mahai gainean zerbeza lata bat eta musika aldizkaria,
biak zabalik, artelan postmoderno baten antzera,
eta zerbeza ezpainetara hurbiltzean,
aldizkarira ihes egin dit begiradak, nahi barik,
azken urteotan errepikatzen den argazki batera
inoiz aretoak bete zituen musika taldea
berriro elkartua
ospea eta dirua ezagutu ondoren
gatxa izan behar da
arrakasta aurretiko egunerokotasunera itzultzea,
osperik zein kolorerik gabeko egunetara,
etxeko atean jo, zabaldu eta,
groupie sutsua izan beharrean,
noizbehinkako postari grisa topatzera,
beste barik,
kontu korrontea, ura basamortuan bezala,
zelan urritzen den ikusten ohitzera,
zeure autografoak, argazkiak, portadak
iragan eder baten bazka izatera
inoiz aretoak bete zituen musika taldea
kamerari begira poseak antzezten,
zimurrak, ile urdinak eta soilguneak nagusi
armairuko uniforme erreskatatuekin batera,
eta txarrena
begirada horiek ez dutela
inoiz izan zuten sua...
zerbeza latatik zurrutada jo eta berehala
komunetik bota behar izan dut,
bart zabaldutakoa zen,
ez aparrik ez gasik ez zaporerik ere,
aldizkariko musika iruzur horien antzekoa,
indar guztia galduta
tongo on stage
tongo lata barruan
aldizkaria eta lata zakarrontzira bota ditut
mirariak doazen plastikozko zeru horretara
eta hozkailura noa ondoren
zerbeza hotz baten bila"
PADDY REKALDE "spray"
www.noticiasdegipuzkoa.com/2011/05/06/ocio-y-cultura/cultura/spray-arekin-idatzitako-poemak
No hay comentarios:
Publicar un comentario