"Margarete, Heinrich: haurtzaroko estanpa
Elkarrekin daude bikiak, baita elkarrekin ez daudenean ere.
Heinrich salako lurrean egurrezko itsasontzi batekin jolasean dabilenean eta Margarete kabaret dantzarien gerriak baino estuagoak diren eskaileratan gora datorrenean kaletik, amaren eskutik, Hamburgoko arrantzale etxeetako eskailera pikoetan gora.
Atea zabaldu eta Heinrichek lepoa jiratzen du Margarete sartu aurretik: egunkaria irakurriz pipatzen ari den aitak baino lehenago daki bera dela. Bere arreba bikia.
Jolasean hasi dira orduan Margarete, Heinrich.
Margaretek aterkia utzi du bainuontzian. Heinrich nebak jostailuzko barkua utzi du bainuontzian. Margaretek barkua hartu du bainuontzitik, Heinrichek aterkia. Ama haserretu egin zaie aterki bustiarekin dabiltzalako etxean barrena, eta bainuontziak itsasontzi abandonatua dirudielako, sabelustua, magalustua.
Aterki hori, bainuontzian, Margarete!, errieta egiten dio amak Heinrichi.
Amak ere huts egiten duelako batzuetan. Eta okerreko izena esaten dietenean irribarre egiten dute biek, bihurri, garaile: Heinrichek, Margaretek.
Amaren gabardina janzten dute, nork beso bana soineratuta. Margaretek telefonoa hartzen du eta Heinrichek galdetzen du: nor da?
Margaretek erantzuten du: Inor ez!
Barrez hasten dira biak gabardinaren barruan.
Bi diren gauzak zenbatzen dituzte: eskularruak, zapatak, gereziak, guraizeen ahoak, bizikletaren gurpilak, horma-erlojuko orratzak. Gero, harritu egiten dira bakar eta umezurtz diren gauzekin: kapeluak, sagarrak, kutxiloak, etxeko horma-erlojuko pendulua, Hans bizilaguna ere seme-bakar da.
Heinrich goseak geratzen da batzuetan, otorduetan arrebak baino gehiago janez gero elkarren antza izateari utziko dioten beldur delako.
Behin, amaren idunekoa apurtu eta perla guztiak pirritan barreiatu zirenean lurrean, hogeina bildu zituzten. Soberan geratu zen perla bakarra, berrogeitabatgarrena, lorategian lurperatu zuten. Ez dute bertan zuhaitz bat ateratzerik espero. Bi ateratzea espero dute.
Heinrichek ezpainak gorriz pintatzen ditu pailazo mozorrotzeko aitzakian amari eskatu zion margoarekin.
Soberan dituzte bikiek ispiluak.
Amak dio: bikiak!, utzi jolasak eta afaltzera.
Baina azken jolas bat geratzen zaie: arrapataka doaz Heinrich gisara jantzita Margarete eta Margarete gisara jantzita Heinrich, elkarri bultzaka pasilloan barrena, eta sukaldera iristear daudenean elkar bultzatuz -bultzatuz baina pozarren-...
Ez bultza Margarete!, esaten dio Margaretek Heinrichi.
Hamburgoko arrantzale etxeetako ateak kabaret dantzarien gerriak bezain estuak izan arren, kabituko ez direla eman eta biak koadro batean bezala -sagu-tranpa ere baden koadro baten bezala- harrapatuta geratuko direla dirudien arren, biak batera sartzen dira atetik sukaldera: Margarete, Heinrich.
Ni lehenbizi!, dio oihartzunak.
Haurtzaroa. Lehen, bizi."
"Cuentos para adultos"
Dora Salazar
Harkaitz Cano
Joserra Senperena
http://www.noticiasdenavarra.com/2011/06/13/ocio-y-cultura/cultura/dora-salazar-expone-cuentos-para-adultos
No hay comentarios:
Publicar un comentario