martes, 15 de enero de 2013

"ERLOJU OTE NAIZ

jendearen zainetan odolak bakun jotzen du ordua
eta edozein kaletan nahigabe bezala
erlojuei begira jartzen naiz
sinetsi nahirik goizeko mugimenduak
joan-etorriak batera mintzo direla
anabasa honetan guztian badela erritmo arautu bat
sentimenduek badutela nondikoa eta norenganakoa
ezer ez dela zeharo alferrik galtzen
eta munduaren denborak
egin behar duela bat nonbait
erloju ankerren esfera trufariez landa

ordenaren ilusioa mehetu ahala
erlojuen ahotsek limurtzen naute
eta orduen borobiltasunak
inoiz denbora ere
liluratua behar izan duela begitantzen zait
baina orduan norbaitek zigarroa piztu
edo auto marrantatu bat ageri
eta abaila hartzen du berriro egunak:
zein bere odolaren gordegietara bueltatzen
sumatzen ditut pertsonak
eta erlojuen zalaparta zoroa inguruan...

bakan maiztasun jakinik gabe
burutzen dudan ariketa da
lehen orduan kalera irten eta
minutu batez eraikinetako erlojuei begira egotekoa...
ez naiz laketzen gertaera deslotuen diktadurara
eta hurrengoan ere hor noa:
neure odolaren murmurioa sorgortu eta
erlojuen aurrean jartzen naiz denbora pasa
nire aldia nire sasoia
nire denbora markatu gabe
bizi ezin duen mekanika bat naizela etsita"

JOSE LUIS OTAMENDI "erlojuen mekanika"


No hay comentarios:

Publicar un comentario