"URREA ETA UGERRA
Abrako eskuma aldean, itsasbazterretik gertu,
lerratu egiten dira jauntxoen txaletak eta jauregiak,
eta eguzkiak, itsasoaz bestaldean gorde aurretik,
postaletarako argazki bihurtzen ditu paraje horiek,
pasealeku dotoreak euri gabeko asteburuetan,
jendeak miresten omen dituen arkitektura dotoreak
baina edertasun horrek giza zimendua dauka oinarri,
eta eragin zituen gosea, miseria eta heriotzak
ez dira turismo bulegoko liburuxketan azaltzen,
badirudi ez garela oroitzen
txalet-jauregi horiek zelan eraiki ziren,
ez dakigula edertasun horrek behar izan zituela
meatzetako heriotza ilunak
labe garaietako izerdi beltzak
auzo langileen amaraunak
haurtzarorik gabeko ume kedarrez beteak
biriki eta bihotz gazte ugertuak...
Bertolt Brechtek idatzitako poema hura,
"Langile baten galderak liburu baten aurrean",
behin eta berriro etorri zait gogora, mailukadaz
oinazearen gaineko edertasuna
eta euririk gabeko asteburuetan
pasealeku dotore horien aurrean
albumerako argazkiak egiten dituzte
infernu haietako ondorengoek
memoria, antza, zimenduetan ere gelditu zen"
PADDY REKALDE "spray"
zubitegia.armiarma.com/?i=248
No hay comentarios:
Publicar un comentario