martes, 16 de abril de 2013


iñigo astiz



8 poema

1

Ene sabelalde puztu
honen barruan ene barren
birrinduak daude
nahasturik, ordenarik gabe,
pieza asko soberan,
pieza asko faltan,
soberan dauden pieza asko faltan.

Eta hor nonbait
Ni nago, nigandik ihesean bezala,
ezkutuan bezala,
Desorden honetan
Kantua hautsi nahian.
Ni nago birrindurik,
Nahasturik, banandurik,
Oraindik ere
Guztiz dijeritu gabea.




2

Guztiz abstraitu da gaua.
Ez daiteke ilargirik ikusi,
Ezin da iluntasuna bereizi argitik,
Ezinezkoa da beste blokeetatik
Ezerk bereizten ez duen eliza hura kausitzea,
Ezin daiteke zaborbiltzaileen orrurik aditu,
Irudi kezkagarrien nahaspila batean
Abstraitu da gaua,
Soilik gainezkatzen nauen bakardade hau
Bereizi daiteke.




3

Difusioa,
esaldi perturbatuan,
galdera perturbatuan,
erantzun inexistenteari
ahaztu egin zitzaion
kotxea non utzi zuen
"agian kretako labirintoan?".

Aspaldi,
zaborbiltzaileen kamioiaren distilazioak
Honaino etorri zuenean;
"Lasai ez nion izenik eman."
Dena den etortzen jarraitzen du.

Geografiarik kanibalenean
Amets abortatuak
Esnatu nau, masailean musu emanez,
Masaila ezezko perpausik bortitzenez
Tatuatzeko.



4

Zume negarti bat
Zelaiaren erdian, gauez,
Hori besterik ez,
Zume bat,
Enborrean "nintzenagatik maite nauzue"
Du idatzirik.


5

03-8-30, igandea
3 x 1m, oleo.

Gau solidoa,
Zartadurarik ez,
Ekeak ez du nondik irten;
Berunezko gaua;
Ene buruak gainezkatzen nau
Ta ez du halere nondik irten.
Gau solidoa,
Zartadurarik ez.
Hau da ene bakardadearen perimetroa:
03 -8-30, igandea
3 x 1m, oleo

Hau ez da arteagatik artea,
Hau ni naiz.


6

Euriaren arritmia
Bihotzean inkrustraturik
Ihesi noa,
Motelegi ihes egiteko,
Beharbada zure zain oraindik;
Asfaltoak irensten nau halere.

Hitz herrenak baino
ez zaizkit okurritzen Marilyn;
ez dago notatxorik,
soilik cointreau botila huts bat
mahai gainean,
besterik ez.




7

Esaten dena baino garrantzitsuago da
Esan gabe gelditzen dena, askotan.
Periodikoak hutsuneek ere osatzen dituzte,
Itsasoko karakolak bezala.

Ikusi ene gorputza ispiluan,
Despiezaturik nago,
Hutsunez betea naiz ni ere;
Nahiz eta nireak ez diren piezek ere
Osatzen nauten , hutsunez betea.

Ez diren gauzak ere badira

If only you were here
Marilyn, nerekin Pamplonan.



8

Eta euria ari du ene barrenenean
Aspaldi ez bezala.
Ia idorturik ziren ibaiak
Hazita datoz oso.
Eta beldur naiz urak ez ote dituen
Zubi denak eramango,
Munduarekiko zubi denak.


Iñigo Astiz