Diotsudanean hiriak maite ditudala
ari naiz aldizka azaltzen diren zebrabideez
eta antzokiko beheko jarlekuez,
eta crustaz, raveez eta piano boskoteez.
Maite ditudan hitzak,
soinuak eta ideiak han jaio dira
-eta hori identitate afera honetan ez da absurdua-
zu ere hirian jaiotakoa zara
gu ere hirian sortu eta hazi ginen.
Ari natzaizu ilunabarrean balkoian
xurgatzen duzun zigarretaz eta
askatasunaz, berdintasunaz eta anaitasunaz.
Diotsudanean hiriak maite ditudala
oroitarazten didazu Mussolini;
halere iruditzen zait Novecento filmeko Attila
eta alkandora beltzak ez direla psikiatriarekin
lotu behar baizik eta ekonomiarekin.
Zura ere nahiago dut herrietako
hezetasun, aire garbi, ogi goxo,
paraje eder eta izara zuriak baino,
tolerantzia eta etxeko marmelada baino,
eta ez naiz bereziki arte poveraren maitalea,
ezta anti-estetikaren jarraitzaile sutsua ere.
Nahi dut karbonoaren zikloa egiten digun euriak
ilea jan diezagun Javik mikrofonoari
txistu egin dionean ilunpe borondatezkoan.
Tximiniak eta zu, izkinetako zabor poltsetan.
Razzia polizialekin.
Boskote batek ostiral gauetako iraultza
Wotan jainkoaren makilako sinboloak dituen
arropa denda jipoitzearekin lotzen duenean.
Polizia militarren -eta haien senideen-
aldeko masakreak sustatzen dituzten arkitektoekin.
Eros daitekeen sexuarekin.
Trafikatzen diren arroz edukiontzekin.
Diotsudanean hiriak maite ditudala amiantozko
kaiola herdoilduari buruz ari natzaizu."
HEDOI ETXARTE "sinplistak"
No hay comentarios:
Publicar un comentario